Itzulpena: Maialen Oliveri
Aurkibide orokorra
K2K emocionando-ko pertsonak
Eskaintza
Esker hitzak
Aitzinsolasa
I. Kapitulua.– 22 urte made by ner
II. Kapitulua.– TTT GOIKO: Ezer ez da berdin
III. Kapitulua.– Zubiola: Nahi izatea ahal izatea da, baita txikienarentzat ere
IV. Kapitulua.– Lancor: Ezinbesteko aldaketa
V. Kapitulua.– EKINen hedapena
VI. Kapitulua.– Nazioartekotzeko sinergiak
VII. Kapitulua.– Gizartearekin dugun konpromisoa
VIII. Kapitulua.– ner group hedabideetan
IX. Kapitulua.– ner eguna
X. Kapitulua.– Hemen gaude ner group-eko pertsonak
I. Eranskina.– Gure argitaletxea: loslibrosdek2k.com
I. Kapitulua.– 22 urte made by ner
Aurten ere, beste behin, ner kontzeptuak barnean gordetzen duen bilakaera eta garapena partekatu nahi dugu; gaur egun, ner group barnean txertatuta dagoena. Hemen azalduko dugun informazioa martxoaren 20an aurkeztu genion prentsari, Bilbon.
Oinarrizko ideia, eta beraz, ner group osatzen duten erakundeak mugiarazten dituen helburua, hain justu, Giza Garapen Bidezko eta Iraunkorra lortzea da. Funtsezko multzo baten hiru zutabe daude oinarrian: pertsonetan oinarritutako egitasmoak, bezeroa eta eraginkortasuna ardatz dituztenak eta geure gizartean txertatutakoak. Horiek dira erakundeen arteko harremanari eta aldaketari eusten dioten gidak, eta etika zein gardentasuna dute abiaburu.
II. Kapitulua.– TTT GOIKO: Ezer ez da berdin
Proiektu hau 2010eko urtarrilean jarri zen abian, 40 pertsonarekin. Giza harremanei zegokienez, oso une tirabiratsua zen, egoera ekonomiko konplexuarekin, Europa osoa eta herrialde gehiago ere harrapatu zituen krisialdiarekin bat zegoen merkatuaren testuinguruan, eta indukzio bidezko tratamendu termikoaren zerbitzuan oinarritutako eskaintza eginda. Zerbitzu horretan, bezeroak piezak bidaltzen ditu landu eta epe labur-laburrean berriz itzultzekotan (gehienez ere bizpahiru egunean). Ondorioz, ezinezkoa da plangintza handiak egitea, baina trukean, bezeroari egokitzeko malgutasun handia dauka. Beste alde batetik, zerbitzuaren lehiakortasunak beherantz egiten du piezen jatorriaren urruntasunaren arabera; esan nahi baita, bezero berriak lortzeko muga geografiko bat dago, eta horrek mugatu egiten ditu fakturazioa handitzeko aukerak. Ezaugarri horiek direla tarteko, GOIKOren bizipena benetan interesgarria da, aztertzeko modukoa.
Komenigarria da aipatzea lehenengo bi urteetan, 2010 eta 2011, proiektuaren koordinazio lana K2Kren zuzeneko erantzukizuna izan zela, Óscar García buru zuela. 2012. urteaz gero, berriz, José Luis Hinojok bere gain hartu zuen ardura hori. K2K-k aldaketa zehatz hori bideratu zuen, eta jarduera osorako aholkularitza eman zuen, Gidaritza Taldeetan eta Batzordeetan parte hartuta.
Bizipena Koldok eta José Luisek kontatuko digute, Óscarren laguntzaz, eta Iker, Rafa, Ani eta Paularen azalpenek osatuko dute.
III. Kapitulua.– Zubiola: Nahi izatea ahal izatea da, baita txikienarentzat ere
Honako hau Euskadiko kooperatiba tipiko baten esperientzia da. Azkoitin kokatuta, Gipuzkoan, oparoaldi luzea izan zuen merkatuko hobi historiko batean, egurra lantzeko tresnen arloan, eta, ondorioz, krisiak ustekabean harrapatu zuen, aurrerapenik egin gabe ez produktuan ez merkatuan. Azken urteetako egoerak hondatu egin zituen barne harremanak eta egoera ekonomiko eta finantzarioa, eta horrek konfiantza galera ekarri zuen. Alabaina, berandu izan bazen ere, kooperatibako kideak produktua aldatzen hasi ziren, eta, soldatetan ahalegin handia eginda eta ner taldeak proposatutako aldaketara egokituta, etorkizuneko proiektu on bat izateko eta edukitzeko bidean daude.
Aldaketa onartzeko batzarra 2012ko urrian egin zuten, eta azaroaren 1ean ekin zioten bideari, K2K-k zuzenduta eta koordinatuta.
IV. Kapitulua.– Lancor: Ezinbesteko aldaketa
Lancor (Gallarta-Bizkaia) pertsonaien istorio bat izan da, eta sindikatuen izenak izan ditu atzean. 2005ean hasi zen, Koldo Saratxaga K2K sortzen ari zela. Kudeaketaren ikuspegitik, Lancor proiektu arrakastatsua da eta izan da ner-en sartu zenetik, gure liburuetan deskribatzen ditugun beste proiektu batzuk bezalaxe. Lehen bost urteetan, K2K izan zuen buru, eta koordinazioaz arduratu zen Jabi Salcedoren bitartez. Gero, K2Ktik zetorren Unai Mendikotek hartu zuen lan hori bere gain, modu pertsonalean eta K2Kren aholkuekin.
Nolanahi ere, esperientzia berezia iruditzen zaiguna zera da, lan sozietate anonimo izatetik sozietate mugatu izatera pasatzea lehenengo, eta sozietate kooperatiba izatera ondoren, betiere belaunaldi aldaketa errazteko eta pertsona ororen etorkizuna bermatzeko. Urteak eman dituzte hizketan, aldaketa horretarako baldintza egokiak ezartzeko.
Interesgarria iruditzen zaigu Lancor eta Koldo Saratxaga harremanetan jartzea ahalbidetu zuen gutuna erakustea. Lancor da ner group-eko kide zaharrena.
V. Kapitulua.– EKINen hedapena
EKIN S. Coop. erakundeari buruzko ohar hauek idazten ari naizen honetan, sei urte bete dira Artezkaritza Kontseiluak kudeaketa taldea errotik aldatu eta kooperatiba egoera traumatikoan utzi zuenetik. Aldaketa horrek ondorio txar iraunkorrak ekarri zituen aldekoen eta kontrakoen artean, eta azkenean bandoak sortu ziren. Horren ondotik erabaki zuten, batzarrean, % 84ko onespenarekin, harreman estilo berria (ner) ezartzea K2K buru zutela.
Azken sei urteetan, dozenaka batzar egin ditugu, erabaki guztiak informazio ugari eman ostean eta gehiengo zabalak babestuta hartu baitira, batzarretan.
Bada batzarretako dinamikan onartuta dagoen arau bat, eta zera da, batzar batean parte hartuz gero eta kanpaina egiteko eta askatasunez hitz egiteko aukera edukiz gero, onartu egin behar dela gehiengoak esaten duena, eta koherente izan behar dela erabakiarekin. Esan liteke EKINen badirela zenbait pertsona, gero eta gutxiago, ez dutela bere jarrera kamutsa ezertan aldatu 2008ko urriaz geroztik, kooperatibaren jarduteko moduan eta mamian izan den bilakaera gorabehera. Etengabeko eragozpen horrekin ere EKINek egungo jokamoldeetara aldatzea lortu badu, zer ez zuen lortuko alferrik xahututako energia hori gainerakoari gehitu izan bagenio?
ner bizipenak 2011 liburuaren I. Kapituluan ner abenturaren lehen hiru urteetako errealitateak ezagutu ditzakegu, eta liburu honen VI. Kapituluan, nazioartean hedatzeko estrategia hurrengo bosturtekorako.
Orokorrean, ETE gisa, EKIN adibide bikaina da Euskadirentzat, erabakiak hartu baititu gaur egun ETE gehienek landu gabe dauzkaten zenbait erronkari begira: a) Erabateko berrikuntza egitea kudeaketan. b) Lehiakorrago izateko handitzea, konpetentzia barne hartuta. c) Nazioartekotze plan ausarta prestatzea, pertsonak, bezeroak eta finantzaketa argi eta originala euskarri dituena.
VI. Kapitulua.– Nazioartekotzeko sinergiak
ner group-en, burugogorrak gara ideia onekin, eta, hori dela eta, nazioartekotze taldeak etengabe sustatzen du beste herrialde batzuetan harreman berriak sortzeko interesari oso lotuta dagoen asmo bat, hots, elkar babestuta bidaiatzea eta sinergiak lortzea.
Interesgarria iruditzen zaigu zenbait esperientzia ezagutzera ematea, ETE askok taldean lan eginda helburu handiak lor ditzaketela erakusteko, bakarka eta herrialdearen arabera lortzen oso zail zaizkien helburuak.
Lerro hauek idazten ari garen honetan, 2014ko maiatzean, zazpi erakundek osatutako talde bat Mexikon dago; haietako batzuek hirugarrenez bidaiatu dute elkarrekin herrialde horretara. Erakunde horietatik bi, WALTER PACK eta PANELFISA, kokapen hitzarmenak ixtear daude, eta 2015erako Mexikon ekoitziko dute, bertan hiru urte daramatzan beste erakunde batekin batera, EKINekin batera.
Habanako Azokara elkarrekin egindako lehen bidaian, une honetan ZUBIOLArentzat eta KONDIArentzat oso interesgarriak diren gaiak suertatu dira.
Hannoverreko Azokan parte hartu duten proiektuek kostuak merkatzea lortu dute, sendotasun irudia eman dute eta bezero nahiz hornitzaile posible berriak ezagutu dituzte.
Indiara ere egin dugu bidaia taldean; AMPO, WALTER PACK eta EKIN dagoeneko jardunean dabiltza han.
ner group gisa transmititzen dugun irudi bateratua datu garrantzitsua da.
VII. Kapitulua.– Gizartearekin dugun konpromisoa
ner group-eko Gizartearekiko Konpromiso Taldeak munduari begira hazten diren eta harreman estilo berriarekin jarduten duten erakundeak eta pertsonak batzea du xede. Gizartearen alde eta gizartearentzat arduratsuak eta eraginkorrak diren erakundeak eta pertsonak, berritzaileak, sortu eta partekatu egiten dutenak eta, hortaz, lankideak eta solidarioak direnak.
Azken finean, Giza Garapen Bidezko eta Iraunkorra lortzeko bidean subjektu aktibo izan nahi duten erakundeak eta pertsonak.
Taldearen ikuspegia harreman estilo berria darabilten pertsonekin enpresa eta gizarte proiektuak garatzean datza. Pertsona horiek balio sendoak dituzte, kapitalari baino garrantzi handiagoa ematen diote ezagutzari, natura errespetatuz bizi dira naturan eta sinetsita daude eraginkortasunak eta eskuzabaltasunak Gizarte Berria ahalbidetzen dutela, integratzaileagoa eta orekatuagoa.
VIII. Kapitulua.– ner group hedabideetan
Hedabideetan eta hedabideen bidez harreman estilo berria gizarteari ezagutzera ematea gure xedeetako bat da hasiera-hasieratik. Estilo berri hori partekatzeko ilusioa daukagu, gero eta pertsona gehiagok bidea gurekin batera egin dezatela lortu nahi baitugu.
IX. Kapitulua.– ner eguna
ner eguna gure gizarte jardunaren beste adierazpen bat da, eta aukera paregabea da erakunde guztietako gizon-emakumeok elkar ezagutu dezagun eta harreman estilo berria partekatu dezagun, gure familiekin batera, jai giro lasaian.
Aurreko bi edizioen arrakasta ikusirik, hirugarren bat egitea erabaki genuen. Bilbon egingo genuen hitzordua, 2013ko irailaren 21ean. Gogo handiz prestatu genuen bilkura, baina hitzordua iritsi baino egun gutxi batzuk lehenago gurekin zerikusirik ez zuten zenbait zailtasun agertu ziren, eta bileraren tokia Zamudiora (Bizkaia) aldatu behar izan genuen azken orduan.
Denbora gutxian, Zamudioko Udalak gure esku jarri zuen beharrezko azpiegitura guztia kokatzeko espazio zabal bat, eta prestasun horri esker eta antolatzaileen malgutasunari, ahaleginei eta dedikazioari esker, jardunaldia oso arrakastatsua izan zen, eta soberan gainditu genuen lagunarteko bilkura hau antolatzea erabaki genuenean ezarritako helburua.
X. Kapitulua.– Hemen gaude ner group-eko pertsonak
Liburu honetan kontatutako esperientzien protagonistok ezagutu gaitzazuela nahi dugunez, kapitulu honetan familia argazki batzuk erakutsiko dizkizuegu. Gehienak batzarretan egindakoak dira, horiek baititugu guztion topaleku; gainerako irudiak hainbat testuingurutan ateratakoak dira: proiektuko ohiko egun bat, kanpoan plan bat egin genuen egun bat, etab.
Hauek gara proiektuko kideak: Ampo, Arreche, Ebi, Ekin, Estudio K, Gashor, Goiko, Grip-on, Icaza, K2K, Kondia, Lancor, Lejarreta, Logos, Panelfisa, Royde, Sarein, Trebeki, Urtxintxa, WalterPack eta Zubiola.
I. Eranskina.– Gure argitaletxea: loslibrosdek2k.com
Gardentasuna eta eskuzabaltasuna funtsezkoak dira harreman estilo berriaren baitan, eta bi balio horiekiko koherentziagatik —hori ere funtsezkoa da ner-en—, partekatu egiten ditugu gure bizipenak, gure ideiak eta gure esperientziak. Atsegin dugu bizi dugunari buruz hitz egitea eta horrek zerbaitetarako balio izatea beste pertsona eta erakunde batzuei, edo kezka, ideia edo galderaren bat sorraraztea; azken finean, hazia nolabait landatzea, txikia bada ere, noiz edo noiz fruiturik eman dezan.
Zenbaezinak dira jardunbide horren ondorioz sortu diren harremanak eta kontaktuak, eta horrek ez du frogatu besterik egiten, beste behin, hazia landatuz gero uzta jasotzen dela eta emandakoaren arabera jasotzen dugula, eta ugarituta.
Horregatik jaio ziren K2Kren Liburuak esperientziak eta ezagutzak partekatzeko, eta, hortik haraindi, espazio eta une egokiak sortzeko bizipen zabalak agertzeko —hala nola proiektu baten biografia edo ner-en ibilbidea urtebetean barrena—, eta etorkizuneko ikuspegi bat emateko, hitzaldi batean, blog bateko orri batean edo sare sozial bateko eguneraketa batean eman daitekeena baino handiagoa. Azken finean, liburu baten espazioa eta denbora.