«Zenbait galdera labur egin dizkiegu bertako langile batzuei, eta hemen jaso ditugu haien bizipen pertsonalak.
»Zertan da desberdin Zubiola ner group-en zaudetenetik eta harreman estilo berria darabilzuenetik?
»Iñigo
»Ikusten dut Zubiolako pertsona gehienak konprometituta daudela gure enpresa aurrera ateratzeko NER-en dugun proiektu berrian. Lehen, erabakiak gutxi batzuek hartzen zituzten, eta gainerakoek onartu besterik ez zituzten egiten. Orain, esku hartzen dugu erabakietan. Sailen artean hurbiltasun eta elkarreragite handiagoa dago lehen baino. Beste modu batean aritzen gara, autonomiaz eta malgutasunez lan egiten dugu eta antolatzen gara, lankideak aintzakotzat hartuta. Denbora hobeto aprobetxatzen dugula eta hobeto antolatzen dugula iruditzen zait.
»Zenbaitetan, delegatuen eta bezeroen kexa dezente jasotzen ditugu, erabakirik ezagatik, antolaketarik ezagatik eta epeei lotutako arazoengatik, eta horiek erasorako argudio gisa erabili ditu konpetentziak.
»Luci
»Galdutako ilusioa berreskuratu dugu, baita Zubiola aurrera ateratzearren lan egiteko gogoa ere.
»Mertxe
»Komunikazioa arinagoa da zuzenen eta zeharkakoen artean, ez baitago arintasun hori oztopatzen duen kategoriarik; tratua berdinetik berdinerakoa da, eta bakoitzak bere erantzukizuna dauka.
»Krux
»Pertsona gehienen inplikazioa handiagoa da, eta langile zuzenen eta zeharkakoen arteko desberdintasunak desagertu egin dira (edo gutxienez murriztu). Aitortu behar dut harrituta nagoela orain arte kooperatiba ezer gutxi axola zitzaien pertsona batzuk hain konprometituta ikusita. Iruditzen zait sendoki onartu direla enpresaren helburuak, norbanako eskubideei hainbesteko lehentasuna eman gabe.
»Beñat
»Nire ustez, alde nagusia taldean lan egitea da, erakunde eta enpresen sinergien baitan. Eta pentsamolde aldaketa!
»Ainhoa
»Zubiola errotik aldatu da: orain informazioa gardena eta arina da. Pertsonei dagokienez, gehiago parte hartzen dute, eta lehen baino kritikoagoak dira.
»Joxean
»Barnean, aldaketa handia da pertsona guztiek parte hartzea erabakietan, eta harreman estilo berriak sustatu egiten du partaidetza hori, eta praktikan jartzen du. Taldekide izateak taldeko beste enpresa batzuetako jardunbide egokiak ezagutzeko aukera ematen digu, eta merkatu berriak irekitzen laguntzen digu. NER-en sartu ginenetik, laguntza desinteresatu ugari jaso dugu, bidea erraztu diguna eskaerak lortzeko.
»Joseba
»Zalantzarik gabe, pentsamolde aldaketa izan da garrantzitsuena. Lehengo pentsamoldearekiko alde nagusia da gaur egun Zubiolak irabazi egin nahi duela. Lehen partidua ez galtzea izaten genuen helburu, baina orain irabazi egin nahi dugu: bezeroak lortu, kalitatea hobetu, produktibitate handiagoa izan, alderdi pertsonalean irabazi…
»Zuri, pertsonalki, zer aldaketa ekarri dizkizu?
»Iñigo
»Nire egoera goitik behera aldatu da. Sail teknikoan egotetik bezeroekin harremana izatera pasatu naiz. Delegatuek ere ez dute jakiten zer titulu ipini bezeroak aurkezten dizkidatenean. Joan den astean, Portugalen, “merkataritzako zuzendaria” izan nintzen; aste honetan, Madrilen, Zubiolako “arduraduna” izan naiz. ESCen [Equipo de Satisfacción del Cliente] kontua bezeroei azalduta, ulertzen dute zer den, baina harritu egiten dira. Nire kasuan aldaketa oso handia izan da, kanpoan ibilita zaila baita familia eta lana bateratzea.
»Luci
»Ilusio horrek bultzatuta, uste baino lehenago hasi naiz berriz jardunaldi osoan lanean.
»Mertxe
»Ez dut aldaketa handirik nabaritu; harritu egin nau esandakoa praktikan jartzen dela ikusteak.
»Krux
»Beti sentitu izan naiz Zubiolarekin identifikatua eta inplikatua, baina askotan iruditu zait gutxi batzuk bakarrik ari ginela tiraka, eta horrek nekea dakar. Gainera, aurreikusitako inplikazio emaitzak lortu gabe. Ikasi dut, beno, ikasten ari naiz gutxi batzuen ahaleginak ez duela ezertarako balio gainerako taldekideekin bat egiten ez badute. Ikasi dut mundu guztia alda daitekeela, eta asko gainera, baina batzuk ez direla sekula aldatzen eta ezin dela etengabe borroka egin horien kontra. Duela bi urte baino dezente lasaiago bizi naiz, besteak beste, polibalentziaren bidez pausoak ematen ari garelako “ezinbesteko” izateari utz diezaiodan, eta dagoeneko ez naizelako haserretzen konpondu ezin diren kontuengatik.
»Beñat
»Taldeetan lan egitea eta besteengan gehiago pentsatzea izan dira aldaketa nagusiak niretzat. Adibide garbiena iruditzen zait gizartearekiko konpromisoa.
»Ainhoa
»Lan egiteko eta enpresa ulertzeko beste modu bat badela ikasi dut. Denak proiektu berean sartuta gaudela sentitzen dugu.
»Joxean
»Pertsonalki, aldaketa oso handia izan da; agintaritzak ekar dezakeen bakardadea alde batera utzi, eta talde bateko kide bihurtu naiz. Aurreko egoeran bazeuden taldeak, baina bazirudien gai guztiak konpontzeko ardura bizpahiru pertsonena besterik ez zela.
»Joseba
»Eguneroko lanean arduratsuago jokatzen dudala nabaritu dut. Ekarpen positiboa egin nahi dut. Errealizatuago sentitzen naiz, nahiz eta batzuetan pentsatzen dudan lehen lasaiago bizi nintzela. Aldaketa positiboa izan da, zalantzarik gabe.
»Zer izan da edo izaten ari da gogorrena Zubiolan gertatutako aldaketan?
»Iñigo
»Niretzat, alderdi zailenak bi dira: batetik, postu aldaketaren ondotik familia eta lana bateragarri egitea, eta bestetik, ezagutzen ez duzun lan bat egitea. Bestalde, eguneroko martxan momentu dezentetan izan dut nahasmen sentsazioa (bezeroen kexak, delegatuak, epe arazoak, kalitatea, etab.). Lan batzuetan ez daude ondo definituta arduradunak.
»Luci
»Ez zait ezer iruditu bereziki zaila, jardunalditik kanpo sartu beharreko ordu kopurua izan ezik.
»Mertxe
»Bakoitzak erantzukizunez betetzea bere postua. Izan ere, mekanismoa ez dabil ondo pertsona batzuk ez badira konturatzen beren ekarpena funtsezkoa dela mekanismoak behar bezala funtziona dezan.
»Krux
»Ez dut uste NER-en sartu aurretik baino une zailagoak direnak. Zaila da helburuak aurrera ateratzeko beharrezkoak diren ordu guztiak lan egitea eta ez kobratzea, baina lehen ere egiten genuen hori. Gogorra da ohiko aurrerakinetara ez iristea, baina urteak daramatzagu murriztuekin, beraz, nire ustez hori ez da harreman estilo berriaren alderdi “gogorra”.
»Beñat
»Orain ez dagoela nagusirik eta bakoitzak bere gain hartu behar dituela erantzukizun batzuk.
»Joxean
»Batzuetan iruditzen zait norberaren ardurak lankideren baten esku uzten saiatzen garela, eta, ahal izanez gero, beste lantalde baten esku. Zaila da ulertzea inor ez dela etorriko norberaren arazoak konpontzera, eta zenbait gai atzeratu egiten dira.
»Joseba
»Aldaketaren alderdirik zailena da batzuetan nabaritzen duzula iraganeko geldotasuna oztopo dela Zubiolaren orainerako eta etorkizunerako. Ezin da berriro hutsetik hasi. Onerako eta txarrerako, pertsonak gara aldaketaren motorra, eta batzuetan lanak izaten ditugu…
»Une honetan, nola ikusten duzu Zubiolaren etorkizuna?
»Iñigo
»Kontuan hartuta ekonomia kolokan dagoela, lanean ari gara urte hau aurrekoa baino hobea izateko, emaitza txarrak hobetzeko eta gure soldatak huts egin gabe igotzeko, % 100era hurbilduta eta aparteko ordainsariak jasota.
»Luci
»Itxaropenez begiratzen diot etorkizunari, eta sinetsita nago Zubiola aurrera aterako dela.
»Mertxe
»Etorkizun zaila daukagu, baina taldeko gehienak gogotsu gaude “berriz”, eta, nahi izanda, helburu handiak erdiets daitezke. Ziur nago lortuko dugula.
»Krux
»Orain dela urtebete baino dezente hobeto ikusten dut, baina asko dugu hobetzeko alderdi guztietan. Nolanahi ere, bi urteko epean etorkizun oparoa izango dugula uste dut. Nire ametsa? Lanpostuak sortzea eta gizarteari NER-en konpromisoaren ekarpena egiteko gai izatea, hilero norbaitek gogorarazi behar izan gabe.
»Beñat
»Oso baikorra eta itxaropentsua!
»Ainhoa
»Etorkizunari baikor eta itxaropentsu begiratzen diot. Oraindik bide luzea daukagu aurretik, baina, denok batera lan eginda, proposatutako helburu guztiak bete ditzakegu. Ner-ek geure buruagan konfiantza ekarri digu.
»Joxean
»Gure merkatu egoera oraindik zaila bada ere, Zubiolak etorkizun ona izango duela uste dut, merkatuko produktuari begira hartutako neurriek eskaera gehiago lortzen lagunduko baitigute. Barruan, frogatuta geratu da langileek erantzuten dutela eta taldearen sinergiak aprobetxatuz gero ezarritako helburuak lor ditzakegula.
»Joseba
»Zubiolaren etorkizuna gure esku dago. Beti izan da horrela, baina orain horrela dela sinesten dugu. Etorkizuna zalantzaz beteta dagoen arren, baikor eta itxaropentsu nago. Segurtasun handia ematen dit Pablo, Joana eta Koldo bide honetan gure alboan edukitzeak. (Eta ez naiz lausengaria).»












